XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Behatz koskoez atea jo bezain laster don Giusseppek zabaldu zuen, eskuan oilasko ixtar bat zuela, eta halaxe esan zion mastikatzen zuen bitartean eta aurpegira oilasko gustoko txistua botatzen ziola.

- A! Hemen al haiz? Non ibili haiz goiz osoan? - Porai- esan zuen Pantxok, patxada itxura agertu nahiz.

- Zer behar duk? - txistu gehiago.

- Don Giovanni edo nire bila omen zebilen eta.

Bere izena aipatu arte roulotte barnean izkutuan zegoen; Hezurzuriaren ahotsa entzun zuen Pantxok.

- Bai, zurekin hitz egin beharra nuen.

- Sartu, sartu barrura.

- Ezta pentsatu ere! bere gorputz handiaz sarrera betetzen zuen Beltzak.

- Jaten ari naizela ez dut inor aurrean zerraldo erortzerik nahi; botagura emango lidake.

Azkenean don Giovanni agertu zen atean, muturreko otapurrak * otapur ogi apur garbitzen, eta anaiari gero arte esan ondoren Pantxorekin batera abiatu zen, paseoan edo.

Domenikorekin bi anaiek batera eztabaidatzea pentsatu zuten, gizon gogorra zelako.

Pantxo gixarajoa erraxago komentzituko zutelako edo don Giovannik bakarrik hitzegitea erabaki zuten; beste arrazoi batzuk ere baziren horretarako: don Giusseppek Pantxori zion ezinikusia, eta honek hari zion beldurra; edo gorrotoa ote?.

Aurrena Pantxoren roulotterantz abiatu ziren, baina eritziz aldaturik edo karpa aldera jo zuten; azkenik, bertan sartu gabe jira-biran ibili ziren, toldoei eusten zieten sokak lurrean ondo iltzekaturik zeuden begira balihoaz bezala.

- Pantxo, zu ez zaude ondo - mantso-mantso hasi zen don Giovanni Rocanera, Hezurzuria.